XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NAZIO BAT, HIZKUNTZA BAT

NAZIO bakarreko eta hizkuntza bakarreko estatua bihurtu nahi izan da Espainia.

Nazio hori gaztelaua eta hizkuntza hori gaztelania izango da.

Antonio Nebrijak 1442an argitaratzen duen erdal gramatikan argi eta garbi azaltzen du helburu hori:

... e con el vencimiento aquellos tenian necessidad de recibir las leies quel vencedor pone al vencido e con ellas nuestra lengua.

Baita erresumaz kanpoko herriei ere:

I cierto assi es que no solamente los enemigos de nuestra fe que tienen la necessidad de saber el lenguaje castellano, mas los vizcainos, navarros, franceses e italianos...

Hori egin nahi izan da joan deneko 500 urteotan; batzuetan maltzurrago, besteetan astoagoa.

Bizi garen asko 40 urtetako eraso bortitza ezagutu eta jasanak gara.

Gaztelania ez beste hizkuntza guztiak debekatuak eta zigortuak zeuden.

Eta hizkuntzarekin batera hizkuntza horien alde zihardutenak.

Demokraziarekin batera iritsi zitzaien hizkuntza hauei ere arnasbidea.

Katalanak, euskarak eta gallegoak geroztik jaso duten laguntza eta babesa haundiak dira.

Baina beroien aldeko edozein lege eta neurrik zintzilik du beti Nebrijaren izpirituz mamitutako Konstituzioaren ezpata zorrotza.

Ezpata hori astindu nahi duten ezpatari trebez betea dagoen Estatu honetan, batez ere.

Espainiako Konstituzioan inoiz ez bezala aipatzen dira herrialde eta nazionalitate desberdinak.

Horretan oinarriturik burutu dira autonomia desberdinak ere.

Baina hizkuntzari dagokionez, nazio bakarreko estatua balitz bezala jokatzen du:

Nebrija maisu, guztiok gaztelania jakitera bakarrik behartuz, bertako beste hizkuntza bat hitzegiten den lekuetan ere.

Nazio bakarreko estatua balitz bezala jokatzen du: Nebrija maisu, guztiok gaztelania jakitera bakarrik behartuz, bertako beste hizkuntza bat hitzegiten den lekuetan ere.

Lege honek hizkuntzen arteko bereizkeria dakar: bata da beharrezkoa, garrantzizkoa, nagusia; bestea, bigarren mailakoa, morroia, borondatezkoa.

Legeak zuzena izatekotan hauxe erabaki beharko luke: bertako beste hizkuntza bat egiten den lekuetan bertako hizkuntza eta gaztelania jakitera beharturik daude bertan bizi diren guztiak.

Estatu bereko bizilagunen arteko bereizkeria ere egiten du lege honek, jakina.

Lege hau ez dago gaztelerriari begira egina, Galizia, Euskal Herria eta Kataluniari begira baizik, hauek baitute gaztelania ikasi gabe geratzeko arriskua, ez haiek.

Eta zuzenaren kontrakoa izateaz gainera, inozoa da lege hau.

Gaztelania ikasi gabe geratzeko asmorik gabe dagoen inozorik gure artean badagoela uste al du?

Gure egoeran lotan daudela ere ikasiko lukete gure haurrek eta gazteek gaztelania.

Burgosen, Madrilen eta Valladoliden galduko balitz ere, Espainia osoan ingelesa nagusitu delako, seguru izan, Euskal Herrian, bederen, iraungo luke gaztelaniak.

Orain dela milaka eta milaka urtetako kultura aztarrenak aurkitu nahi dituenak hemen aurkitzen ditu.

Hemendik ehun mila urtetara hementxe bakarrik aurkituko ditu marxismoaren aztarrenak ikerle saiatuak.

Eta munduan ingelesa besterik hitzegiten ez den garaitan ere hementxe aurkituko ditu gaztelaniaren aztarrenak.

Katalanari buruzko legeaz Epaitegi Gorenak esan duenak aterarazi dit erretolika hau dena.

Ez du onartzen Katalunian katalana ikastera behartzerik.

Konstituzioaren arabera gaztelania ikastera bakarrik behartu omen daiteke.

Eta betebehar hori Konstituzioan dagoenez, ez da ez askatasunaren eta ez Giza-Eskubideen Aldarrikapenaren kontrakoa.

Baina katalanaren ikasi behar hori Konstituzioan ez dagoenez, askatasunaren eta giza-eskubideen kontrakoa da.

Harrapazak!

Kataluniako legeak, bertako seme-alaba guztiek katalana eta gaztelania jakin dezaten nahi du ziurtatu.

Katalana bakarrik ziurtatu nahiko balu, zer gertatuko ote litzateke?